Eako Poesia Egunak

Ea.Poesia Egunak.bost

July 14th, 2008 by admin

Gabriel Aresti, poeta eta euskaltzale ezaguna, Ean bizi izan zen bere azken bi urteetan (1974,75), eta poema ederrak idatzi zituen hemen :Eako koplak”, ”Enaden begiak”…

Orain dela bost urte bere testigua hartu genuen ietarrok (“earrok”  Euskaltzaindia dixit), pentsatzen dugulako zorra kendu behar dugula poeta handiarekin eta berak idatzitakoa ezagutu eta ezagutarazi. Larrabetzuko Literatura Eskolarekin batera hasi ginen orduan bertoko H.E.A. kultura taldekook eta aurten bosgarren aldia izango da. Kartelean ikus dezakegu “Ea.Poesiaegunak. bost.

Erramun Landaren  grabatua da aipatu kartela, poesiarekin zerikusia handia duen grabatua dela uste dugu, autoreak berak “Poeta a-sozialaren buru-hezurra” izena jarri dio obrari eta oso adierazgarria iruditzen zaigu, sentsibilitate handikoa eta irekia. Grabatua inprimatu egingo da, kopuru txiki batean, ale bakoitzak bere zenbakia, eta tailerraren azalpena izango du, grabatuaren ale bana oparituko diogu parte hartuko duen idazle bakoitzari, eskerronez. Baina eskabide bat ere egin diegu: idazle bakoitzari bere pare bat liburu oparitzeko eskatu diogu, bat herritarron “liburutegi berezia “ osatzeko eta bigarrena ostatu hartuko duten tokirako.

Momentu honetan, gure ekimena, egiten diren beste batzuk moduan, hau ere, erreferente literarioa  bihurtzen ari dela uste dugu, eta apaltasunez diogu hau,  guk ez daukagulako inolako pretentsio “ofizialik”, are gehiago, giro alternatiboa aldarrikatzen dugu, herritarren artekoa… Arestiren etxea izatea nahi dugu, berak aukeratu zuen eta, gure herria, eta  horregatik literaturaren bizilekua bihurtu nahi dugu Ea, literaturak bizitzeko behar duena  eskainiz. Horretarako gunea lantzen dugu, uda eta itsasoaz gain, herritarren toki eta ondarea berreskuratu nahi dugu, eta  aurten gure egitarauan burdinola zahar eta paper fabrikaren  hondakinetatik zehar ibilbide poetikoa egingo dugu. Toki horiek sinbolikoki erabiliko ditugu. Hondatuta dauden eraikuntza horietan irakurriko ditugu bertakook, Arestiren poemak, Euskal Harria olerkia adibidez, eraikuntzok gureak, dira  ietarronak eta  hondatuta  daude, elizak aldiz zutik.

Paper fabrikak ere bertako langileentzat ez  ezik, idazleontzat ere sinbologia berezia dauka: batzuetan , liburuak boterearen gustukoak ez direnean,  edo “komertzialak”  ez badira “paper orean” geratzeko arriskua daukate.
Partaideak ere behar ditu literaturak bizirauteko,  ibilbide luze eta laburra duten idazleena, Ea guztion tokia izatea nahi dugu, idazle, musikari, antzerkilari, irakurzale, poesia zale…
Horregatik  aurten egitarauan herritarren izenak eta idazleenak elkartuta agetzen dira.
Bertokoen “auzolana” izaten da urtero, hau antolatzea, herriko eszenatokiak prestatzea…, instituzioei dirua eske joatea…

Literaturak sortzen duen plazera aldarrikatu nahi dugu hemendik, sorkuntzaz eta irakurmenaz aritu, gaiak debatituz, batasunerako eta eztabaidarako, giro naturalean, parekotasunean … eta bide-batez, astindu bat eman nahi diogu  gaur egungo huts-keriari , desertu kulturalari, debate faltari…

Hona hemen EGITARATUAREN gaiak:
Koldo Izagirrerena izango da lehen hitzaldia, larunbatean, “Emakumeak trena hartu zuenekoa” tituluarekin, emakumeak beti geratu  gara geltokian, gizona, neba,… zen alde egiten zuena, baina momentu batean emakumeak trena hartu zuen literatura munduan ere…
Irrikitan gaude Koldo bezalako pentsalari poeta jantziaren hitzak entzuteko, gure errealitatea interpretatzen lagunduko digula uste dugu.
Bazterrak harrotzeko ba ditugu beste gai batzuk ere aurten: Poesia Extra zer den” aztertuko dute mahai- inguruan Itxaro Bordak, J.L.Otamendik,Castillo Suarez eta Beñat Sarasolak, Miren Ibarluzearen gidaritzapean. Literatura Extra, “x” errespetatu nahi izan dugu (Euskaltzaindiari barkamena  eskatuz) akats ortografiko horrekin  nabarmentzen delako gehiago eman nahi diogun zentzua.

Igandeko mahai-inguruan “Idazlearen ahotsa norentzat,zertarako? Iñigo Aranbarrik,Irati Jimenezek eta Eider Rodriguezek astindu bat emango diote  euren et gure buruari Xabier Mendigurenen koordinazioarekin.

Egitarauan, gainera, poesia eta musika ekitaldiak nonahi daude, Bedarun, Natxitun.
Eta Eako espazio naturaletan , adibidez zapatuan, Asier Serranok jarriko ditu poemak eta musika Arestiren oroigarriaren ondoan eta igande goizean Itxaro Bordak Eako Talan errezitatuko ditu bere azken poemak, inguruan sortutakoak,  musikari lekeitiarren laguntzaz.

Ekitaldi bat azpimarratzearren, larunbat gauekoa izango litzateke, Eako moilan:

Puig Antichen heriotza urtemuga izan dela eta Koldo Izagirrek eta Erramun Landak Bartzelonan egin duten ekitaldi erakusketan emandako filma: Harresi ostean pareta  ekarri dugu  gurera, hemen ere tokia duelako.

Horren ondoren “Poesiazko ilara” izango da, hamaika poetek euren hiru poemak irakurriko dituzte zuzenean musikarekin eta amaitzeko Zinar Ala kurduaren musika eta kantak. Orain dela gutxi PEN klubak ekarri duena gurera, Kurdistaneko idazle biren kontrako heriotza zigorra salatzeko.

Asun Landa

Hurrengo kategorian argitaratua: Sailkatu barik |

Iruzkina utzi

Oharra: Iruzkinak aprobatu behar dira, beraz egun bateko atzerapen gertatu leike.