Eako Poesia Egunak

Ogella line

July 23rd, 2008 by admin

Nicht länger
Heimatlos sein

Brigitte Heidebrecht

ARGI(I)TSUA
Laga beach

Nondik dator
Itsutzen nauen argitasun hori,
Nondik dator haizea,
Nondik datoz
Malkoak bailiran
Begi ezpalak hezetzen
Dizkidaten
Euri ttanttak?
Lainoak
Gris-beltz dira.

 Nora doa lehian
Izaro konkorra ekaitzaren
Minean,
Nora doa txoria,
Nora doazi hondartzan
Bakarrik uzten nauten
Jendeak oro,
Itsutzen gaituen argitasun hori
Noraino doakeen galdezka.
Lainoak
Gris-beltz dira.

 

ZURE BILA
Ogella, Izpazter

Eta zure algara
Gelaren ilunean
Biluzik badabila:
Negarrez jauzten zara
Entzuten duzunean
Urre, urrearen bila.

 Bizitzaren izara
Urratu den unean
Bihurtu da isila:
Negarrez jauzten zara
Entzuten duzunean
Urre, urrearen bila.

 Arroztuak al gara
Bihotzaren gunean
Altxatzeko makila?
Negarrez jauzten zara
Entzuten duzunean
Urre, urrearen bila.

 Hustu dugu kikara
Barauen egunean
Baina ez dago hila:
Negarrez urtzen zara
Entzuten duzunean
Urre, urrearen bila.

 

PATXULI PERFUME GIRL
Ogella, Izpazter

Hireak diren
Lurraldeotan
Harroketan hi gabe
Ibiltzen ikasi behar
Izan dinat.
Ez naun gehiago
Lerratzearen
Edo erortzearen
Beldur
Eta marea gora doanean
Uzten zionat lasai
Ene gorputza uhinari
Irents dezan,
Hi gabe
Hireak diren
Lurraldeotan.
Harrokalde hauetako
Itsas hegi bilakatu naizelako
Hi gabe.

 

CREDO
Laga, Izaro aurrean

Ez dut betikoa eta denetakoa izan nahi,
Hondartza bustian
Urak, urratsak egin arau,
Ezabatzen dizkion
Nortasun uherra baino.
Alta badakit den mendrena
Irauteko dzanga bakoitza garesti
Ordaintzen dudala:
Hari soilak natxika.
Ez dut betikoa eta denetakoa izan nahi,
Emakume ezaxolatia naiz eta urak,
Ametsak, irudikatu arau,
Ezabatzen dizkit
Nortasun uherrekoa
Banintza bezala.
Alta badakit…
Hari soilak natxika.
Ez dut betikoa eta denetakoa izan nahi.

 

FUNTSEZKO ADITZAK
Ogella, Izpazter

Ibili, zangoa non eta nola pausatzen den
Kasu eginez,
Berma arroketan, eskuak tinka,
Josta orekarekin, hegalda doazen
Ubarroien moldean,
Asma uhina noiz sortzen
Eta hiltzen den
Higamena katestatuz,
Geriza holtzaren maldan,
Horma gorakoietarik uhar
Jaisten diren
Harri errautsetarik,
Ahantz mina,
Ahantz samina, ahantz ezina,
Eta ez geldi,
Berraurki aitzinako jende pikarraien
Urduritasun salbagarria,
Begiak hertsi, burua apal, hatsa har,
Jarri pozu baten ondoan,
Eta ez geldi,
Izpiritua huts,
Bihotza irek,
Funtsezko aditzei mihise
Mineralaren iruteko:
Magnificat…

 

OTOITZA
Natxitua

Gauez
Itsaso guztiak,
Gatuen pare denak
Beltzak dira.
Zeru mugetan
Itsasargiak
Kliskari
Iragartzean
Zure begiak
Dakuskit,
Irriz.
Gauez.
Irriz.
Lur mugetan.
Gauez.
Gaur ez.

 

BIG BANG
Bedaroan

Munduaren lehen goiza bailitzan
Iratzartzen garen
Egunak badira.
Munduaren lehen goizean bezala
Inguruetara beha gaude
Eta mila doinutan
Bihikaturiko
Urdina baizik
Ez dakusagu.
Hatsa hartzen dugu,
Sakon eta bekaitz.
Munduaren lehen goizean nola
Gero, soakoa are urrunago
Akuilatzen dukegu,
Eta itsasoaren handitasuna,
Eguzki berriaren azpian,
Zuritasun distiratsu bat da.
Munduaren lehen goizean jadanik
Maite zaitut,
Sakon eta bekaitz,
Nor zaren jakin gabe.

 

HARRIA, GORPUTZ
Bedaroan
Ogellan da hozitzen
Uhin sailen egia,
Delarik irekitzen
Harriaren begia.

Ogellan ezta galtzen
Debaldetan arratsa,
Ilunean jabaltzen
Baita harrien hatsa.

 Ogelletan hegaldaz
Dabil txori apaina,
Eta loditzen kaldaz
Harri beltzaren zaina.

 Bat batean haizea
Bilakatzen da hotza.
Ogellak: ni naizea
Harriaren bihotza?

 Ogella da errausten
Aditza eta hitza,
Nerau bezala hausten
Harriaren bizitza.

 Ogellan ikasten dut
Zer den min edo sari,
Sakelan sartu baitut
Harritxo bat, opari.

 

GALDERAK
Bedaroan

Zein da atzerako manua ematen duen uhina?
Harriak doidoia balakatuz
Leihorrean urrutien heltzen dena al da
Ala uhinetan txikienak dira
Lurra astintzeaz
Aspertzen ?
Edo oraino, uhinetaz
Eta itsasoaz haratagoko
Indarrak ditu
Ordreak marrakatzen ?
Ba dea atzerako manuari
Ihardokitzen zaion olde urtsurik?
Zazpigarrena ote?
Taldean ala bakarka?

Ubarroiak harro dabiltza
Uhinen deboila
Ospatzen.
Mundua lehertzen dela
Irudi luke, itsasoa atzera doalarik,
Harriak elkarri joka,
Amildegi zarata,
Zu nire aldamenetik
Joan zinenean bezala.

 Zein da, kopeta haguntsua etsitzeraino
Apaldu ondoan,
Aurrera oihukatzen duen
Lehen uhina?

 

HARRIZKO TALAXERUA
EA, Karmelo-modulo 3

Buru bat itzultzen da itsasaldera:
Badu ehun eta bi mila mende
Harrizko talaxerua
Askatasunaren aiduru dagoela,
Eta ezin da mugitu,
Uholdeek
Zutoina gogor
Inarrosten dioten arren.
Gizona izan liteke,
Emakumea ere bai, menturaz,
Genero bako gure mintzaira
Harrigarrian.
Negar egiten duke
Euria hasten denean
Eta barre segur aski,
Haizeak iparraldetik
Buhatzen duenean.
Harrizko talaxerua
Ezin da mugitu, baina gauez,
Iretargia itzaltzen delarik,
Zutoinaren ikara eraginez,
Kanta zaharrak
Aldaharriztatzen dituela
Erraten da.
Buru bat itzultzen da itsasaldera.

 

IN SITU
Ogella, Bedaroa

Hemen nago
Bakarrik eta eskuak hutsik.
Harroka beltzetan,
Eguzkitan luzatzeaz
Beste ardurarik ez dut,
Bitxiki
Ez dut nehor ments
Saihetsean
Eta uhinen marrumak
Ene bihotz desertatuarena
Biderkatzen du:
Hemen nago,
Ondo.
Hondo.

 

ZENBATETARAINO
Ogella, Izpazter

Harritzen nau ohartzeak
Zenbatetaraino apaldu behar duen norberak
Gaiztakeria, jeloskeria edo gorrotorik gabeko
Hitzak
Azaleratzen uzteko,
Hauekin sintaxia berriekiko
Poema uhargi bat idazteko
Bai eta, zergatik ez,
Betidanik ukatu amodio isilduen lotgailuak
Ogellako harritza distiratsuen arteko
Goroldio eremuetan
Ereiteko.
Harritzen nau onartzeak
Zenbatetaraino ezabatu behar duen norberak
Urguilu, handinahi eta botererik batere gabeko
Eleak
Ezpainetara jezartzen uzteko,
Gure mundu auhenkari honetako
Harreman espektralen mehatxua
Aditz soilarekin urruntzeko.
Harritzen nau Ogellak.
Ez dakit zenbatetaraino.
Nor naiz ni.

 

AUTOPORTRAIT X
Ermintxo hoteleko mirailan.

Orduak eta orduak ibilian higaturik
Nekatutako kide hori naiz,
Larrua sutan,
Biloak harro.
Begietan ordea uhinak,
Ogellak eta portu ezkutatuak
Soaz laztandu dituenaren
Pindarra dakart:
Zoriontasun hutsalena
Gozatu dut,
Ez dut pentsatu,
Ez dut etsitu,
Ez dut deitoratu,
Salatu, ihardoki, eskatu ezer.
Itzalarekin solasean nabil,
Egiatiagoa banintza bezala
Orduak eta orduak ibilian higaturik.

 

I HOPE SO
Natxituatik

Eguzkiak,
Ekialdetik altxatzen denean
Argiz gose,
Itsasoari
Zehaztasuna oparitzen dio:
Zeru muga seinalatzen du,
Lurraren eta ortzearen
Oinarrizko
Bereizketa
Zilarra
Azpimarratuz.
Eguzkiak
Sortaldetik gordetzen denean
Ilunez gose,
Itsasoari nola,
Guri
Bizitza baimentzen digu:
Igurika nazazu
Zure ohe hegian.

 

Itxaro Borda

ogella-hondartza-2txikia.jpg

Hurrengo kategorian argitaratua: Sailkatu barik | Iruzkinik ez »

‘Ogella ‘line’

July 22nd, 2008 by admin

ogella-hondartzatxikia.jpgogella-line-1txikia.jpgogella-2txikia.jpgogella-hondartza-2txikia.jpg

Hurrengo kategorian argitaratua: Sailkatu barik | Iruzkinik ez »

Poesia Egunak 08 irudietan

July 21st, 2008 by admin

asun-landa-burdinola.jpgjendea-katamalon.jpgkoldo-izagirre.jpgitxaro-poesia-errezitaldia.jpgburdinola-bisitatzen.jpgtaldea-bedarun.jpgkatamalo.jpgasier-serrano.jpgbedaruko-mahai-ingurua.jpg

mahaingurua-igandea.jpg

zinar-eta-argazkilariaok.jpgburdinola-taldea.jpg

Hurrengo kategorian argitaratua: Sailkatu barik | Iruzkinik ez »

Poesiakideok

July 18th, 2008 by admin

Hona hemen zapatuko bazkalosteko tertuliarako gogoetagaia.

Bazkalosteko tertulia: Poesia extra zer den

Parte-hartzaileak: Itxaro Borda, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola eta Castillo Suarez
Gidaria: Miren Ibarluzea

Poesia extra zer den jarri diogu bazkalosteko tertuliari. Kontzeptu berriren bat deskubritzera etorriko zineten beldur naiz, ordea. Poesia extra, bere horretan, ez baitut inongo teoria poetiko edo literariotan aurkitu. Eako poesia egunak antolatzen genbiltzala poesia extra izena eman genion erbesteratuen poesiari, kartzelaratuenari, babesik ez dutenenari, hizkuntza minoritarioenari; hots, sistematik haraindi egiten denari.

Bazkalosteko tertulia honi izena aldatzeko berandu den arren, besteren bat proposatzekotan, hauxe: Poesia extra zer den, baden, edo poesia bera extra den. Eta finduaren finduaz: Poesia extra zer den, baden,poesia bera extra den edo euskarazko poesia extra den. Gurea hizkuntza minoritarioa izanik (eta hori ere hala ote da?), poesia extra ote da euskaraz idatzitakoa? Eta gurean, poeta bazterturik, erbesteraturik… balego, eta badago, ez ote da haien poesia extraren extra?

Gonbidatuak inplikatzearren, edo nire burua zuritzearren… (tertuliarakoak han hemen begira ibili naizela ikus dezazuen)… hona hemen haiekiko lotura zenbait:

Halaxe zioen Castillok poetikaz jardun zuen batean: Poesia zer den galdetzen didatenean, nik autobusa dela esan ohi dut. Urtetan hartu dudan autobusa Altsasutik Gasteizera edo Iruñara joateko. Poesia extra al da Castillo ohiko hirietatik at daramana? Edota extrarradioetara bidaiarazten duena? Eguneroko autobus poetikoaz gain hartzen al du autobus extrarik gure gonbidatuak?

Itxarori buruz Luzien Etxezarretak halaxe esan zigun literatura-eskola batean, Senpereko Oxtikenean: Itxarok euskal literaturan gutxi ikusten diren gauzak egiten ditu. Apartekoa izanagatik al da Itxarorena poesia extra? Itxarok berak, hemen bertan, Ean, aitortu izan digu bazterreko idazlea dela bera. Extra al da bazterreko poetak idatzitakoa?

Euskal kritikariak bat datoz Beñaten apartekotasuna ironiaren eta gag-en erabileran datzala; Beñaten kaxa barruko hitzek dibertitzeko beta ematen dutela diote, irri egitekoa. Extratzat al du, ordea, poetak bere berezitasuna? Berezkoa izanik aparteko sentitzen ote du berak?

Izagirreren hitzetan, Otamendi lañotasunaren poeta da, eta sinpletasun izugarri zail baten definitzen omen da bere poesiaren bakana. Hona hemen beraz, beste poeta extra, ez-ohiko, aparteko, bakan… bat, aurrekoak bezalaxe.

Ezen, definizioz, extra da: apartekoa, gehigarria. Eta estilo propioa extra ote da? Zerk egiten gaitu extra, zerbaitek egiten bagaitu?

Barkatuko al didazue datozen hitzok zuzen-zuzenean gazteleratik hartu izana… Gure, eta zuen, poesia extracurricularra al da? Extraditatua? Extramundanoa? Extraofiziala? Extraordinarioa? Extrasensoriala? Extrabagantea?

Are gehiago, extra delako garrantziz janzten ari garen hori ez ote dakargu, gura barik, literaturzaleon taula gaineko puntu zentralera? Ez ote da poesia extrarena existitzen ez den zerbait?

Akuilari izatea da soil-soilik nire asmoa, zuena da hitza Castillo, Itxaro, Beñat, Jose Luis.

Miren Ibarluzea

Hurrengo kategorian argitaratua: Sailkatu barik | Iruzkinik ez »

Burdinolara doazen bideak garbitu dira

July 14th, 2008 by admin

Burdinolara doan bidea garbitu da

Herrijjari Emon Arnasa taldeko kideek Burdinolara doazen bideak garbitu diztuzte. Irudian,  elkarteko zenbait kide lanean.

Hurrengo kategorian argitaratua: Sailkatu barik | Iruzkinik ez »

Ea.Poesia Egunak.bost

July 14th, 2008 by admin

Gabriel Aresti, poeta eta euskaltzale ezaguna, Ean bizi izan zen bere azken bi urteetan (1974,75), eta poema ederrak idatzi zituen hemen :Eako koplak”, ”Enaden begiak”…

Orain dela bost urte bere testigua hartu genuen ietarrok (“earrok”  Euskaltzaindia dixit), pentsatzen dugulako zorra kendu behar dugula poeta handiarekin eta berak idatzitakoa ezagutu eta ezagutarazi. Larrabetzuko Literatura Eskolarekin batera hasi ginen orduan bertoko H.E.A. kultura taldekook eta aurten bosgarren aldia izango da. Kartelean ikus dezakegu “Ea.Poesiaegunak. bost.

Erramun Landaren  grabatua da aipatu kartela, poesiarekin zerikusia handia duen grabatua dela uste dugu, autoreak berak “Poeta a-sozialaren buru-hezurra” izena jarri dio obrari eta oso adierazgarria iruditzen zaigu, sentsibilitate handikoa eta irekia. Grabatua inprimatu egingo da, kopuru txiki batean, ale bakoitzak bere zenbakia, eta tailerraren azalpena izango du, grabatuaren ale bana oparituko diogu parte hartuko duen idazle bakoitzari, eskerronez. Baina eskabide bat ere egin diegu: idazle bakoitzari bere pare bat liburu oparitzeko eskatu diogu, bat herritarron “liburutegi berezia “ osatzeko eta bigarrena ostatu hartuko duten tokirako.

Momentu honetan, gure ekimena, egiten diren beste batzuk moduan, hau ere, erreferente literarioa  bihurtzen ari dela uste dugu, eta apaltasunez diogu hau,  guk ez daukagulako inolako pretentsio “ofizialik”, are gehiago, giro alternatiboa aldarrikatzen dugu, herritarren artekoa… Arestiren etxea izatea nahi dugu, berak aukeratu zuen eta, gure herria, eta  horregatik literaturaren bizilekua bihurtu nahi dugu Ea, literaturak bizitzeko behar duena  eskainiz. Horretarako gunea lantzen dugu, uda eta itsasoaz gain, herritarren toki eta ondarea berreskuratu nahi dugu, eta  aurten gure egitarauan burdinola zahar eta paper fabrikaren  hondakinetatik zehar ibilbide poetikoa egingo dugu. Toki horiek sinbolikoki erabiliko ditugu. Hondatuta dauden eraikuntza horietan irakurriko ditugu bertakook, Arestiren poemak, Euskal Harria olerkia adibidez, eraikuntzok gureak, dira  ietarronak eta  hondatuta  daude, elizak aldiz zutik.

Paper fabrikak ere bertako langileentzat ez  ezik, idazleontzat ere sinbologia berezia dauka: batzuetan , liburuak boterearen gustukoak ez direnean,  edo “komertzialak”  ez badira “paper orean” geratzeko arriskua daukate.
Partaideak ere behar ditu literaturak bizirauteko,  ibilbide luze eta laburra duten idazleena, Ea guztion tokia izatea nahi dugu, idazle, musikari, antzerkilari, irakurzale, poesia zale…
Horregatik  aurten egitarauan herritarren izenak eta idazleenak elkartuta agetzen dira.
Bertokoen “auzolana” izaten da urtero, hau antolatzea, herriko eszenatokiak prestatzea…, instituzioei dirua eske joatea…

Literaturak sortzen duen plazera aldarrikatu nahi dugu hemendik, sorkuntzaz eta irakurmenaz aritu, gaiak debatituz, batasunerako eta eztabaidarako, giro naturalean, parekotasunean … eta bide-batez, astindu bat eman nahi diogu  gaur egungo huts-keriari , desertu kulturalari, debate faltari…

Hona hemen EGITARATUAREN gaiak:
Koldo Izagirrerena izango da lehen hitzaldia, larunbatean, “Emakumeak trena hartu zuenekoa” tituluarekin, emakumeak beti geratu  gara geltokian, gizona, neba,… zen alde egiten zuena, baina momentu batean emakumeak trena hartu zuen literatura munduan ere…
Irrikitan gaude Koldo bezalako pentsalari poeta jantziaren hitzak entzuteko, gure errealitatea interpretatzen lagunduko digula uste dugu.
Bazterrak harrotzeko ba ditugu beste gai batzuk ere aurten: Poesia Extra zer den” aztertuko dute mahai- inguruan Itxaro Bordak, J.L.Otamendik,Castillo Suarez eta Beñat Sarasolak, Miren Ibarluzearen gidaritzapean. Literatura Extra, “x” errespetatu nahi izan dugu (Euskaltzaindiari barkamena  eskatuz) akats ortografiko horrekin  nabarmentzen delako gehiago eman nahi diogun zentzua.

Igandeko mahai-inguruan “Idazlearen ahotsa norentzat,zertarako? Iñigo Aranbarrik,Irati Jimenezek eta Eider Rodriguezek astindu bat emango diote  euren et gure buruari Xabier Mendigurenen koordinazioarekin.

Egitarauan, gainera, poesia eta musika ekitaldiak nonahi daude, Bedarun, Natxitun.
Eta Eako espazio naturaletan , adibidez zapatuan, Asier Serranok jarriko ditu poemak eta musika Arestiren oroigarriaren ondoan eta igande goizean Itxaro Bordak Eako Talan errezitatuko ditu bere azken poemak, inguruan sortutakoak,  musikari lekeitiarren laguntzaz.

Ekitaldi bat azpimarratzearren, larunbat gauekoa izango litzateke, Eako moilan:

Puig Antichen heriotza urtemuga izan dela eta Koldo Izagirrek eta Erramun Landak Bartzelonan egin duten ekitaldi erakusketan emandako filma: Harresi ostean pareta  ekarri dugu  gurera, hemen ere tokia duelako.

Horren ondoren “Poesiazko ilara” izango da, hamaika poetek euren hiru poemak irakurriko dituzte zuzenean musikarekin eta amaitzeko Zinar Ala kurduaren musika eta kantak. Orain dela gutxi PEN klubak ekarri duena gurera, Kurdistaneko idazle biren kontrako heriotza zigorra salatzeko.

Asun Landa

Hurrengo kategorian argitaratua: Sailkatu barik | Iruzkinik ez »

Eako Poesia Egunak 2008

July 2nd, 2008 by admin

 poster08

Ea (Bizkaia)
uztailaren 19 eta 20an

Uztailaren 19a, zapatua
10:30etan: Hitzaldia Udal Aretoan

Emakumeak trena hartu zuenekoa
Hizlaria: Koldo Izagirre
Ondoren, ibilaldia ibai ondotik burdinola eta paper-fabrikarantz
Musika lagun, Arestiren poemak

14:30etan: Bazkaria Bedaronan

16:30etan: Bazkalosteko tertulia:
Poesia extra zer den
Parte-hartzaileak: Itxaro Borda, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola eta Castillo Suarez
Gidaria: Miren Ibarluzea

20:30etan: Beletxen, Arestiren oroitarrian
Erretratuak, Asier Serranoren musika eta poemak

22:00etan: Harresi ostean pareta filma, Salvador Puig Antichen oroiz, Eako moilan
Poesiazko ilara
Irakurleak: Jon Arano, Aintzane Galardi, Oier Guillan, Karmele Igartua, Fertxu Izquierdo, Ibai Iztueta, Xabier Montoia, Jose Luis Otamendi, Ainhoa Unanue, Beñat Sarasola, Castillo Suarez
Musika: Jon Piris eta Mikel Romero
Ondoren, Zinar Ala musikari kurduaren emanaldia

Uztailaren 20a, domeka
11:00etan: Mahai-ingurua Udal Aretoan
Idazlearen ahotsa, norentzat, zertarako?
Parte-hartzaileak: Iñigo Aranbarri, Irati Jimenez eta Eider Rodriguez
Gidaria: Xabier Mendiguren

13:00etan: Poesia-irakurraldia eta musika Talan
Itxaro Borda: Ogella line
Musikariak: Esther Gabiola eta Uritze Laka

14:30etan: Bazkaria Natxituko bolatokian

17:00etan: Musika eta testuak, Ermintxo hotelean
Katamalo

“Geltokian zegoen beti emakumea, horixe zen bere papera, soldadutzara zihoan semeari agur esatea edo maleta gainean jesarrita norabait eramanen zukeen trenaren baten zain egotea. Horrelakoxea zen emakumearen une literarioa. Une eterno bat, inora bakoa, poetak edo nobelagileak soseguz dastatu ahal izan zezan malkoa edo tristura. Mugitzen zirenak, besteak ziren. Baina zenbat maite zuten emakume hura, arreba, andregai edo ama, urruntzen zirenek! Horixe zen emakumea, gertatuak ukatzen zitzaizkion ahuldade bat, heroien gutun bakanak konprenitu ere ezin zitzakeen estatua bat. Noizbait, literaturak hala programatu gabe, izaki apaingarri hark trena hartu zuen. Eta munduaren ikuspegia zabaldu zigun.”

Koldo Izagirreren Emakumeak trena hartu zuenekoa
hitzaldiaren sarrera gisa

Hurrengo kategorian argitaratua: Sailkatu barik | Iruzkinik ez »

PoesiaEgunak 2008

July 28th, 2007 by admin

Aurtengo poesiaegunak: Egitaraua laster.

Hurrengo kategorian argitaratua: Sailkatu barik | Iruzkinik ez »